Artikuluak eskatzeko deia

2022-06-06

Eganek dei egiten du aldizkariaren 2022ko bigarren zenbakian argitaratuko diren artikuluak bidaltzeko. Proposamenak 2022ko irailaren 15a arte bidal daitezke.

Egan literatura aldizkaria Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1948. urtetik argitaratzen du. 1953an hasi zen euskara hutsez argitaratzen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean. Ordutik Egan euskara hutsezko aldizkaria da. Literatura arloko jatorrizko lanak argitaratzen dira. Aldizkariak leku egin nahi die saiakera eiteko idazlanei, eta baita ikerketamaterialak (erreferentziazko edota gai zehatz baten inguruko bibliografiak, corpus argitaragabeak...) direnei ere. Orobat argitaratzen dira literaturaz diharduten liburuen aipamenak. Beste diziplina bati atxikiak izan arren, literaturarekin ageriko lotura izan dezaketen lanak ere aintzat hartzen dira.

Literatura azterketen lerroa ez ezik sorkuntzarena ere zabalik du Eganek, eta poesia, narrazio laburrak eta itzulpenak biltzen ditu, aldizkariaren ibilbideari jarraituz.

Artikuluak bi adituk berrikusten dituzte (ebaluazio itsu bikoitza); gainerako idazlanek ez dute kanpo-ebaluaziorik izango.

Egileak ziur egon behar du bidaltzen duen lanak aldizkariaren gidalerroak betetzen dituela: https://www.rsbap.org/ojs/index.php/egan/about/submissions

Idazlanak online  bidali behar dira, OJS plataformaren bidez: https://www.rsbap.org/ojs/index.php/egan/about/submissions

OJS erabiltzeko zailtasunik izanez gero edo beste argibideren bat eskatzeko, mezu bat bidali helbide honetara: egan.bascongada@gmail.com

Aldizkariak berehalako eta doako sarbide irekia eskaintzen du. 2019tik ale guztiak (1948tik argitaratuak) webgune honetan daude PDF formatuan.