Aldizkariari buruz

Edukia eta egitura                                                                                                                 

Egan literatura aldizkaria da, eta literatura arloko jatorrizko lanak argitaratzen ditu. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 1948. urtetik argitaratzen duen aldizkaria da. 1953. urtean hasi zen euskara hutsez argitaratzen, Antonio Arruek, Aingeru Irigaraik eta Koldo Mitxelenak aldizkariaren zuzendaritza hartu zutenean. Ordutik Egan euskara hutsezko aldizkaria da (ikus Aldizkariaren historia).

Aldizkariaren edukia, bere ibilbideari jarraituz, bi atal nagusiz osatzen da: ikerketa-artikuluak eta sortze lanak.

Literatura azterketei dagokienez, jatorrizko ikerketa-artikuluak argitaratzen dira. Haren barruan, baina, egungo panorama akademikoan ohikoak ez diren saiakera eiteko lanak ere argitaratzen dira. Testu mota horiek ibilbide luzeko ikerlarien emaitzak dira sarritan, eta egungo aldizkari akademikoen testuinguruan bazterrera geratzen ari direla jabeturik, haiei ere leku egin nahi die Eganek, zehaztasun akademikoa mantenduz. Beste diziplina bati atxikiak izan arren, literaturarekin ageriko lotura izan dezaketen ikerlanak ere aintzat hartzen dira.

Literaturari buruzko ikerketen lerroa ez ezik sorkuntzarena ere zabalik du Eganek, eta poesia, narrazio laburrak eta itzulpenak biltzen ditu.

Orobat argitaratzen dira ikermaterialak (erreferentziazko edota gai zehatz baten inguruko bibliografiak, corpus argitaragabeak...), eta literaturaz diharduten liburuen aipamenak.

Artikuluak kanpoko bi adituk berrikusten dituzte (itsu bikoitza prozedura), eta haien txostenak kontuan hartuta, artikulu bakoitza argitaratzeari edo baztertzeari buruzko erabakia aldizkariaren Erredakzio Kontseiluak hartzen du. Gainerako idazlanek ez dute kanpo ebaluaziorik, eta Erredakzio Kontseiluak aztertzen ditu.

Eduki horiek komunitate zientifikoari zuzentzen zaizkio eta eztabaida zientifikoa aberastu nahi dute. Aldizkariak gogoan ditu literaturazaleak ere, idazle eta itzultzaileei leku eginez sortze lanak atalaren bidez. Euskarazko hizkuntza-komunitatearen tamainak muga ukaezinak ezartzen dituen arren, gogotsu heltzen diegu erronka horiei.

Aldizkariak edizio inprimatua du, eta 2019. urtetik eduki guztiak (1948tik argitaratuak) webgune honetan eskuragarri daude PDF formatuan.

Aldizkakotasuna

Seihilabetekaria. Urtero bi ale argitaratzen dira (uztaila-abendua). Urteko lehen alean argitaratzeko, jatorrizkoak martxoaren amaiera arte bidal daitezke eta bigarren alerako, irailaren erdira arte. Eganek badu, orobat, Gehigarriak izeneko bilduma, eta artikulu formatuaz gorako lanak argitaratzen dira, epe jakinik gabe.

Sarrera libreko politika                                                                                                    

Eganek sarbide irekia eskaintzen du. Eduki guztiak doan eskura daitezke, erabiltzaileari  edo haren erakundeari ezer ordaindu gabe. Erabiltzaileek aukera dute aldizkariko artikuluen testuak irakurri, jaitsi, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo estekatzeko, aldez aurretik argitaratzaileei edo egileei baimenik eskatu beharrik gabe, Open Accessen BOAI definizioaren arabera.

Aldizkariak ez du kobratzen artikuluak bidaltzeagatik, ezta artikuluak prozesatzeagatik ere.

 

Salmentari eta harpidetzari buruzko argibideak
Peña y Goñi kalea 5, 2. ezk. 20002 Donostia (Gipuzkoa).
egan.bascongada@gmail.com


Argitaratzailea                                                                                                      

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (EAE). Gipuzkoako Saila. https://bascongada.eus/eu/
comisiongipuzkoa@bascongada.e.telefonica.net